Iritzia:
Ainara Ansa
Juan Luis, zure bideari jarraituko diogu!
Aiurriko aurreko alean, ekainaren 14an, Donostian erraustegiaren aurka eta alternatiben alde egin zen manifestarzioaren idatzia argitaratu zen.

Erraustegiaren aurkako herri mugimenduak dagoeneko badaramatza urte batzuk lanean, alternatibak aurkeztuz eta berauek martxan ipintzeko bide ezberdinak jorratuz.

Herri mugimendu honetatik sortu zen Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea. Bertan, bailarako bi plataforma gaude: Andoaingoa eta Onddolar.

Bidea ez da erraza izan, momentu gogorrak bizitzea ere suertatu zaigu. Azkenekoa orain dela oso gutxi: Donostia Bizirik-eko Juan Luis Mungia bidelaguna hil zaigu. Segadun dama gaiztoak ordenagailu aurrean hondakinei buruzko lege ezberdinetan buru-belarri lanean zebilela eraman digu gure artetik.

Onddolar Plataformako kideok diogun maitasuna eta miresmena lau haizetara zabaldu nahi dugu, ea berarenganaino iristen diren lerro xume hauek.

Zuk zenuen ezagutzak hutsune ikaragarria utziko digu borrokan aurrera egiteko, baina zulo handiagoa egingo digute zure alaitasunak eta bizitzeko gogoak.

Osasun arazoak izan dituzunean ere hor egon zara gure alboan, ospitaletik deika, interneten aurkitutako informazioa bidaltzen, burumakur geundenean animoak ematen…, beti aurpegian irribarre atsegina zenuelarik.

Harremanetan egon garen urteotan gauza asko erakutsi diguzu, gogor egin duzu lan alternatibak prestatzen, argudioen bidez defendatzen… Hori dena errespetuz eta elegantziaz jantzirik, guretzat maisua izan zara. Konposta nola egin ere bati baino gehiagori irakatsi diozu, janari gordinaz gain, sukaldetik pasatakoek berdin balio dutela erakutsiz, beste materia ugarirekin batera.
Naturarenganako maitasun/errespetu izugarria izan duzu eta ez duzu inolako erreparorik izan Europara bidaiak zure poltsikotik ordaintzerakoan, tartean Espaniako Ingurugiro Ministerioko teknikariekin batera egina bat edo beste.  Juan Luis, ez zaitugu ahaztuko. Zuk gaur arte eginikoak askorako balio izan digu eta zurekin hasi genuen bidean aurrera egiteko asmo tinkoa dugu. Ezin gara bide erdian geratu, amalurrari, zuri eta zu bezala ixilpeko lanean diharduten bidelagunei zor dizuegu: errausketarik ez!


2008ko uztailaren 4a
 
2010, iraila
As. As. As. Ost. Ost Lar Ig.
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930   
       
<< >>
 
ARGAZKI BILDUMAK
© Erroitz. Aiurri, eskualdeko nortasun hitzak. 943 300 732 andoain@aiurri.com